Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
   
HAUR HEZKUNTZAKO MARKO OROKORRA

1. HAUR HEZKUNTZAREN XEDEA-

2015-16 ikasturtetik Beasaingo Ikastolarentzako Ildo estrategikoen artean dago Haur Hezkuntzarako Proiektua konpetentzien araberako ikuspegitik osatzea, nabarmenduz Haur Hezkuntzak pertsonaren garpenean duen garrantzia.

Izan ere, urte horietan zehar izandako esperientziek haurtzaroko eguneroko bizitza baldintzatzeaz gain, bereetorkizuneko bizitzan eragin zuzena izango dute. Hau da, haurraren eta etorkizunean izango den helduaren bizitza, hein handi batean, haurtzaroan izandako esperientzien araberakoa izango da.

Horregatik, familiarekin lankidetzan, haurraren garapen osoa bideratzea da hezkuntzaren lehen etapa honen xede nagusia. Xede horren lorpenerako, ezinbestekoa deritzogu aitortzeari, haurrak bere iniziatibaz sortutako ekintzan aritzeak, bere garapenari eskaintzen dion funtzio eraikitzaile eta elaboratzailea. Aitorpen horrek tradiziozko haurraren garapenari buruzko ikuspegia berrikustera eta egokitzera eraman gaitu, hau da, haurra ulertzeko berdefinitzera.

2.- OINARRIZKO PRINTZIPIO METODOLOGIKOAK

• Errespetua izan behar diogu haurraren izate osoari. Bizitzako lehen unetik pertsona aktiboa, bizia, sentikorra eta harbera dela kontutan hartuz eta bakoitzaren garapen-erritmoa errespetatuz.

• Konfiantza izan behar dugu haurraren berezko garapen-ahalmenean, bere jarduera autonomoa ahalbidetu eta errespetatuz,prozesuak ez aurreratuz eta haurra bere bizitzako protagonista dela onartuz.

• Haurraren ziurtasun fisikoa eta emozionala bermatu behar dugu, mugimendu eta ekintza autonomo librean garatzeko behar dituen baldintzak eskainiz eta bere beharrekiko sentikortasuna adieraziz. Bere gogo, plazer, interes eta beharrizanetatik abiatuta dauden jarduera eta ekintza autonomoak dira haurren ikaskuntza eta garapen psikomotor, afektibo, sozial zein kognitiborako oinarri.

Familiekin lankidetzan, haurren garapen osoa eta orekatua ahalbideratzea du xede Haur Hezkuntzak, bakoitzaren berezko garapen-ahalmen, emozio, sentipen eta bizipenekiko sentikortasunez eta errespetuz jokatuz. Horretarak ezinbestean haurraren ongizate psikikoari eta fisikoari, sozializazioari eta heziketari erreparatzen dio Beasaingo Ikastolak.

Haurrari bere iniziatibek eragiten diote ikaskuntzarako gogoa eta harremanetan sozializatzeko bidea. Beste kideekin eta helduekin dagoenean beraiekin batera izandako iniziatiba, kooperazio eta elkarrekintza esperientzien bidez egiten ditu urratsak bere nortasun-egituraren eraikuntzan eta autonomiaren garapenean. Prozesu horretan, pertsona orok bizitzarako beharrezkoak dituen oinarrizko konpetentzia orokorrak hasten da eskuratzen.

Haur guztien ongizate psikikoa zein fisikoa zaintzearekin batera, ekitate-printzipioa oinarri duen hezkuntza sustatu nahi dugu, egoera sozial eta pertsonal ahulak bizi dituzten haurrei arreta berezia emanez, desberdintasunak prebenitu eta gainditu ahal izateko.

Horretarako, haurrei segurtasuna bermatzen dien erreferentzia-testuingurua eragin du Beasaingo Ikastolak:

• kontuan hartuak eta entzunak sentiaraziz

• haur bakoitzari bere beharrizan eta interesak asetzen eta erregulatzen lagunduz

• bere garapen-ahalmena ahalik eta gehien sustatzeko aukera emanez .

NOLAKOAK DIRA HAUR HEZKUNTZAKO HAURRAK: Nola ikusten ditugu?

Natura oinarrian duen metafora bidez azalduko du Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, labur, ikastolara datorkigun haurrari buruzko ikuskera:

Ernetzen ari den hazia da haurra. Berez dakar landare bihurtzeko
behar duena; lurrean zabaldu eta berez joango litzateke hazten. Baina
hazi horri lur egokia, eskatzen duen ura, behar eguzkiaren beroa eta
argia eta hobeto hazteko ongarria ematen bazaizkio, landare horrek
berak dakarren lorea emango du. Hortaz, hazi bakoitzaren beharrei
erne egon behar dugu: berak adieraziko digu noiz behar duen ura eta
zenbat ur behar duen ez itotzeko, noiz behar duen berotasun handiagoa
edo noiz ari den erretzen, noiz dagoen aseta, bapo, gustura.

Haurren garapen-ahalmenean eta garapen horretan euren ekintza autonomoek duten balioan sinetsita haur guztien garapen osasuntsua ardatz hartu eta hori bermatzeko haiei eskaintzen diegun hezkuntza testuinguruaren (helduak, espazioak, denbora eta materialak barne) etengabeko berritzen dihardu Beasaingo Ikastolak, Haur Hezkuntzako markoa Derrigorrezko irakaskuntzaren Hezkuntza Proiektuaren oinarrian jarriz.

Haurraren senarekiko sentikortasuna

Etologiaren arabera, espeziearen biziraupenaren zerbitzura dauden eta besteekiko elkarrekintzan aritzeko berezko sena du haurrak. Ikasi gabe, berez genoman erregistratuta dakartzan egiteko moduak da sena. Barruko edota kanpoko estimulu batek eraginda modu anitzetan pizten da eta piztearekin batera, bere desira, nahi, gogo edo eta beharra asetzeko ekintzen katea (jokabideak) martxan jartzen da.

Haurraren sen horiek piztu orduko transmititzen dituen seinaleak interpretatzen jakitea eta behar horiei modu egokian erantzuna ematea funtsezkoa da haurraren garapenean, eta horrek Haur Hezkuntzan gakoa den sentikortasunera garamatza.

Sentikortasunari lotzen zaion irakaskuntzaren faseak:

• behaketaren bidez haurren seinaleez jabetzea;

• zer eta noiz behar duen eta zer eta noiz ez duen behar jakiteko seinale horiek egoki interpretatzea

• Seinaleei modu aproposean erantzutea.

Ikasleari eta haurrari adi jartzeak dakarren ezagutza horretan oinarrituta lantzen da ikaslearen garapena bere dimentsio eta alderdi guztietan. Behaketa arretatsua, entzutea eta errespetatzea erabat lotuta daude hezteko senarekin. Izan ere, haurrari entzuteak bere erritmu eta denbora errespetatzea eskatzen du. Entzuten zaiola ohartzen denean, errekonozitua sentitzen da, norbaitentzat garrantzitsua dela jakiten du haurrak, eta dituen ahalmenetan eta bere buruarengan konfiantza izaten erakusten zaio.

   

Atxikipena bermatu

Haurraren eta beste pertsona baten artean garatzen den lotura emozional berezia da atxikimendua, denboran zehar mantentzen dena, bien arteko interakzioari esker garatzen dena, eta elkarrekin egoteko nahia eta banatzean larritasuna sortzen dituena.

Atxikimendua bizitzaren lehenengo urtean zehar garatzen da, haurraren eta bere ondoan dagoen pertsonaren (normalean, ama eta gerora hurbilen dauden erreferentziazko helduak) artean ezartzen den lotura afektiboaren bidez. Atxikimendua garatzen denean, haurrak pertsona horiekiko hurbiltasuna eta kontaktu fisikoa bilatzen ditu, bereziki herstura, tristura edo beldurra sentiarazten dioten egoeretan. Izan ere, atxikimendu irudiengandik hurbil egoteak lasai, babestuta eta seguru sentiarazten du haurra. Haiengandik bereiztean, berriz, urduri eta babesik eta segurtasunik gabe sentitzen da eta, ondorioz, atsekabea adierazten du.

Haurrak inguru edo egoera bat mehatxagarria dela hautematen badu (gaixotasuna, mina, haserrealdiak, banatze laburrak, ezezagun batekin gelditzea...), atxikimendu-portaerak aktibatuko dira. Negarra, keinuen bidezko adierazpena, kontaktua bultzatzen duten jokaerak erabiltzen ditu haurrak atxikimendu-irudiekiko hurbiltasuna edo kontaktua lortu eta mantentzeko. Beraz, txikitatik afektuzko lotura egoki josi dadin, oso garrantzitsua da gurasoek eta erreferentziazko helduek haurren oinarrizko premiei sentiberatasuna adieraztea eta haiei eraginkortasunez erantzutea.

Lotura emozional hori oso garrantzitsua da eta bizitza osoan bere ongizatea baldintzatuko du. Eraikitzen duen bere bizitzako lotura izanik, eraikitzen joango den gainontzeko harremanetan zuzenean eragingo du: bere parekideekin, berdinkideekin eraikiko dituen harremanetan; eraikiko dituen harreman intimoetan; bere buruaz eraikiko duen irudian; bere gorputzarekin izango duen harremanean; bere sexualitatean; bere nortasunaren eraikuntzan.

Arakatzeko sena

 
   
   

Haurra ikertzaile aktiboa da berez, eta sen horrek eramaten dute ingurua miatzera, bertan aritzera eta ingurune horretatik ikastera; bere zentzumenetatik jasotzen dituen informazioez baliatuz, egiten duenaren eta horrek sortutako bizipenen arteko loturak egitera. Arakatzeko sen horren aurpegi desberdinak dira jolasa, esperimentazioa, imitazioa, jakin-mina eta ekimena.

   

Beldurra

Arakatzeko sena piztu eta denbora batera agertzen da beldurra. Beldurrak saiheste, ihes egite edo paralizatze portaerak ekartzen ditu. Beldurrak atxikimendu portaera pizten du eta haurra babesaren, segurtasunaren, hau da, atxikimendu-irudiaren bila hasiko da. Atxikimendu figurak afektiboki, ukituz, besarkatuz, … erantzunez gero, beldurra desagertu edo jasangarri egingo da.

Beldurrak arriskutsuak diren egoerak identifikatzen eta haietatik defendatzen laguntzen du. Gure eboluzioan iraun badugu beldurrari esker izan da hein handi baten.

Ikastolara ailegatzen den haurrak hezitzailearekin lotura afektiboa segurua lortzeko berehala hasiko da arakatzen eta beldurra gutxiago piztuko da. Beldurrez dagoen haurrak ez du miatzen, eta jakin-mina itzali egiten zaio. Beldurrez dagoen haurrak bere buruko jarduna moteldu egiten du, eta blokeatuta senti daiteke. Beldurra da pentsamenduak duen oztopo nagusia eta, ondorioz, haurraren jokabidearen eragile nagusienetarikoa.

Sen hau itzaltzeko, beharrezkoa da haurrari babesa eta segurtasuna ematea, horri esker jarriko baita haurra prest ekintzarako eta ikaskuntzarako.

   

Parekideen arteko harremanetarako sena

Badu ere haurrak bere parekideekin hartu emanetarako berezko sena. Atxikitzeko senaren jarraipena den sen honen baitan eraikitzen ditu haurrak laguntasunaren eta lankidetzaren oinarriak.

Haurra izaki soziala da berez, oso txikitatik egiaztatzen du izaera hori berdinenganako interesaren, elkarren imitazioaren eta zizakaduren bidez. Gai da bere gorputz-enbor, esku, begirada edo eta irribarrea baliatuz, zerbait eskaini eta eskatzeko. Haurrarentzat jolasa da ingurunearekin hartu-emanetan jartzeko baliabidea eta bere garapen integralaren giltza. Haurrak ekintza, objektuak maneiatzea, harremanak izateko beharra du, eta jolasak eskaintzen dio behar horiei erantzuteko aukera. Hau da, jolasaren bidez esploratzen, sentitzen eta ezagutzen du bere burua zein ingurua, fisikoa zein soziala. Ekintza ludikoak haurtzaroan zehar pentsamendua garatzen lagunduko die haurrei, euren beharrak asetzen, euren barne mundua plazaratzen, bestekiko harremanak kudeatzen eta, horren guztiaren ondorioz, adiskidetasunaren oinarriak izango diren esperientziak bizitzen.

Erasorako sena

Besteekiko elkarrekintzan haurrak berezkoa duen eta bere burua defendatzeko zein bere helburuak lortzeko baliatzen duen sena da erasorako sena, sarritan elkarrekintza hori apurtu eta mina eragingo duena, eta aldi berean, babes beharraren ispilu ere badena.

Azaldu nahia

Haurra izaki soziala denez, berezkoa du bera nor den erakutsi nahia, hau da, bere ezaugarriak taldearen aurrean azaldu nahia. Sen hori medio, bere erakargarritasuna adieraziko dio haurrak besteari gustuko izateko. Bestearen mirespen begiradak saritzen du portaera hau, errekonozituta sentiarazten du eta begiradaren “kalifikazio onarpenak” balioa emango die bere lorpenei. Honek bere auto-estimua modu positiboan elikatzen du.

Sexualitatearen bizipena

Haurrak modu naturalez bizi du sexualitatea, kuriositate moduan, bere burua deskubritzeko eta goza-tzeko. Jaiotzatik du sen hori, pertsona ezberdinekin harreman esanguratsuak eraikitzeko balioko diona.

ZAINTZEKO SENEAN ERAGITEN DUEN IKASTOLA.

   

Beasaingo Ikastola definitzeko orduan askotan esan dugu bertan mundua eskalan antzematen da. Zaintza, elkarrekiko babesa Beasaingo Ikastolaren kulturaren parte dira. Beasaingo Ikastolan haurrak hasten dituzten familiek hainbestetan adierazten duten bezala, kalean doazela hurbiltzen zaizkie ikasle xaharxeagoak umearekin jolasean, eta gure atarian ere noiznahi antzematen da elkarrenganako joera hori.

Berez haurra jaiotzen denean pizten da berriz gurasoengan, batez ere amarenagan. Baina haurtzaroan, 4-5 urtetik aurrera, erraz antzeman daiteke nola umeengan ere pizten den beraiek baino txikiagoak diren edo ahulagotzat hartzen dituztenak zaintzeko edo mimoak emateko joera.

Etxeko animaliak zaintzeko portaerak ere azaltzen dituzte. Haur batzuek samurtasun handia adierazten dute jarrera hauetan eta adin desberdinekoen arteko harremana errazten duten egoeretan aukera daukate sen hau asetzeko.

Senak piztearekin batera, nahia edo beharra pizten da. Eta horrekin batera, behar edo nahi horiek asetzeko ekintza katea. Haurra lasai badago, gai izango da arreta fokatzeko eta jasotakoa bere memorian finkatuko da. Hau da, gai izango da dakienaren eta deskubritu duen horren artean lotura esanguratsuak egiteko. Gaitasun hori da ikastea deritzonaren oinarria.

Haurrak mugimenduari esker eta zentzumenetatik jasotako informazioaren bidez hasten da munduari buruzko ezagutza eraikitzen. Bere zentzumen guztiak erabiliz, dena ikusi, ukitu, entzun, dastatu eta usaintzeko joera du haurrak; horregatik garrantzitsua da ikastolan esploratzeko eta esperimentatzeko aukera anitzak eskaintzea, ekintzan erakusten duen ezagutzaren eta eskuratzen ari denaren arteko lotura esanguratsuak egitea ahalbideratzen diotenak.

   

Behin eta berriro esperimentatuz lortuko du errepresentazio sinboliko esanguratsua. Haurrak bizitakoak eragin handia du lotura esanguratsuak egite horretan. Pertsonok beldur naturalak baditugu, baina beldurrak ikasi ere egiten dira, bizitako esperientzia negatiboek eraginda. Esperientziak negatibo horiek lotu egiten dira hainbat elementurekin eta ondoren orokortu egiten dira. Ondorioz, haurrak giro atsegin eta lasaian heztea garrantzitsua da.

Horrek ez du esan nahi momentuak ez atseginik ez egotea, azken finean, haurrak bere egozentrismotik frustrazio ugari bizitzen ditu, baina frustrazio horiek ulertuz eta onartuz haurra kontsolatzen bada, ongizaterako bidera eramango dugu berriro ere.

Haurraren miatzeko, manipulatzeko, esperimentatzeko gogoari, kuriositateri, jakin-minari, eustea da gure egiteko nagusia. Arreta berezia eskaini beharko diegu alderdi horietan zailtasun nabarmena dutenei. Ekitate-printzipioa aintzat hartuz, lagundu egin beharko diegu ikasteko beharrezkoak diren manipulazioak eta esperimentazioak eskatzen dituen trebetasunak, pixkanaka, eskuratzen joan daitezen.

FaLang translation system by Faboba