Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

korrika2019Dakizuen bezala, apirilaren 4an hasi zen Korrikaren 21. edizioa Garesen (Nafarroa), eta datorren igandean, apirilaren 14an, bukatuko da Gasteizen. Eta gogoan izan: Klika lelopean, hamar egunez Euskal Herri osoa zeharkatzen ari den ekimen sozial hau Beasaina ere heltzear da! Izan ere, apirilaren 13an, larunbat goizaldeko 06:40ean iritsiko da gure herrira!! Ohi bezala, Andramendi Beasaingo Ikastolako ikasle, irakasle eta gurasook modu aktiboan egingo dugu euskararen alde klika!

Baina gu bezperatik ibiliko gara Korrikaren alde motorrak berotzen, izan ere, ostiralean, apirilaren 12an, ikastolako LHko ikasleok Korrika Txikia-n parte hartuko dugu!!!

KORRIKA TXIKIA: Egitaraua

10:30ean hasiko da Korrika Txikia. Guk, lekukoa Oriamendi kalean hartuko dugu (Otea dendaren parean) eta tren geltokiraino eramango dugu. Herriko kaleetan barrena ibili ondoren, Loinazko San Martin plazan egingo da ekitaldi nagusia, eta bertan herriko ikastetxeetako ikasleek hartuko dute parte, Aspace erakundekoekin batera.

Bertan, lekukoa ireki eta mezua irakurriko da (tartean izango dira gure ikasleek idatzitako bertsoak ere). Ondoren, Korrikako abestiaren dantza-koreografia egingo dute. Musika eskolako bandak musika jarriko dio ikuskizunari!

Haur Hezkuntzako ikasleek ikastolan bertan ospatuko dute beraien “Korrika txikia”, plazako ekitaldia amaitzen denean

KORRIKA girotzeko festa ostiral arratsaldean

Baina arratsaldean ere, aukera izango dugu Korrika datorrenerako motorrak berotzeko!

17:00 - Ludotekakoek haurrentzako ekintzak antolatuko dituzte herriko plazan

17:30 - Herriko txistulariekin batera buruhandiak eta erraldoiak irtengo dira. Ikastolako hainbat ikaslek txistulari moduan parte hartuko dute

18:30 - Korrikako abestiarekin flashmob bat grabatuko da herriko plazan

19:00 - Taloak probatzeko aukera izango da, eta trikitilariak ibiliko dira kaleetan barrena giroa berotuz

Larunbatean, 07:00ak aldera iritsiko da KORRIKA Beasaina!!!

Larunbatean, hilak 13, 07:00ean iritsiko da Korrika gure herrira! Ikastolak lekukoa Goleta tabernaren parean hartuko du (San Inazio kalea) eta Otea denda pareraino eramango du (Oriamendi kalea). Ondoren, gosari irekia hartzeko aukera izango da herriko plaza azpian: txokolate eta salda beroa.

Oharra: Korrika iritsi baino 20 minutu lehenago lekuan bertan egotea komeni da

Animatu eta parte hartu!!! Egin dezagun korrika, eta egin dezagun euskararen aldeko klika!!!

korrika klika

FaLang translation system by Faboba